Skip to main content

Haizea naiz

Musikoterapeuta, psikoterapeuta, terapeuta energetikoa eta ipuin kontalaria lanbidez.

Hamabost urte dira Euskal Herriko Unibertsitatea-n musika hezkuntzako eta haur hezkuntzako ikasketak egin ondoren, irakasle lanak utzi eta terapeuta izateko etengabeko formakuntzari ekin niola. Lehendabizikoa Instituto Música, Arte y Proceso-n musikoterapia masterra izan zen. Musikoterapia lanbide bihurtzeko jauzian eskuhartzeak ikastetxeetan eta adinekoen zein aniztasun futzionaleko egoitzetan burutu nituen. Ondoren Atlantis Institute for Music&Imagery-n GIM terapian trebatu nintzen graduondoko baten bidez eta banakako psikoterapia prozesuetan bidelagun izaten hasi nintzen.

Musika tresna gisa erabiliz komunitateak aberastu, eraldatu eta osasuntsuagoak bihurtu asmoz, elkarteetan, gizarte zerbitzuetan, berdintasun zerbitzuetan, ikastetxeetan, talde feministetan, egoitzetan eta udaletan tailer desberdinak burutzen ditut duela zortzi urtetik hona. Ikasketa desberdinen bidez haurdunaldian, haurtzaroan, emakume*en jabekuntzan, genero indarkeriaren bizirauleekin eta adineko pertsonekin eskuhartzeko espezializatu naiz.

Cheryl Dileo doktorearekin musikoterapia medikuntzan espezializazioa burutu nuen duela sei urte eta honen harira ospitalean musikoterapeuta gisa aritzeko aukera izan dut zainketa intentsiboen unitatean eta neonatologiako osasun profesionalen formakuntzan.     

Banakako terapia prozesuetarako Hazi Terapia Zentroa ireki nuen duela bost urte. Bertan, laguntza psikologikoa eta emozionala esperientzietan oinarrituriko terapiaren bidez eskaintzen dut, musika eta mandalak bidelagun. Soilik deskonektatzea eta arintzea bilatzen duenarentzat, terapia energetikoan trebatu naiz.

Nire formakuntza prozesuak etengabea izaten jarraitzen duen bezala, burutzen dudan lanaren superbisioa, nire prozesuaren berrikuste terapeutikoa, eta kide naizen AMI (Association for Music&Imagery), EAMI (European Association for Music&Imagery), AEIMTC (Asociación para el Estudio e Investigación de la Música, la Terapia y la Comunicación) eta FEAMT (Federación Española de Asociaciones de Musicoterapia)-eko kode etikoa eta legedia betetzeak profesionalki babesa eta ziurtasuna eskaintzen dizkit. Honetaz gain, musikoterapeuta profesional gisa CAEMT (Comisión de Acreditación Española de Musicoterapeutas Profesionales)-en MTAE-123 zenbaki profesionalarekin akreditatua egoteak, berme profesionala ematen dit.

Musikaria jaiotzez naizela esan dezaket. Musika berezko hizkuntza dut eta soinuak, isiltasuna, erritmoak, melodiak eta harmoniak bakarrik zein taldean sortzea eta partekatzea ezinbesteko dut. Nire bizitzearekin bat doa.

Hitzen bidezko hizkuntza ere maite dut, hitz soil baten zirrararen zein hamaika hitzen hausnarketaren zalea naiz. Ahotsa beti soinean dudan tresna izanik, interpretaziorako giltza gisa erabili izan dut kantuan zein bikoizketan. Irakurzalea naizen aldetik ipuinek sortzen duten lilura bizitzea eta kontakizunen bidez elkarbanatzea gozamena da.

Kurrikuluma

Close Menu

Harremanetarako:
Gaztelu kalea, 64. Donamaria-Gaztelu. Nafarroa.
655 74 76 95. hazi@haizealoira.eus